UNTZUETA DANTZA TALDEA

Atzean utzi ditugu 80. hamarkadan emandako urte gogor haiek non behin eta berriz aldarrikatzen zen Areta Errepublika Independentea. Orduan Matxintarrak herri kirolak taldea, Dinbirri-Danbarra txistulari talde gaztea, trikitilariak, hanka-palu taldea, mendi taldea,…sortzeko grina piztu zen eta bereziki guraso talde baten euren seme alabentzako euskaraz ikasteko eta bizitzeko aukera eta eskubidea bermatzeko nahia. Horrela sortu zen Alpitxu Guraso Elkartea. Askoren artean eskolaz kanpoko ekintzetan Euskal Dantzak bultzatzea eta Alpitxu Dantza Taldea sortzea izan zuen helburu non 4 eta 14 urte bitarteko umeek parte hartzen zuten.

Ekintzaren hazkundea ikusita Untzueta Mendi Auzo Elkarteak jota ikastaro bat antolatzea erabaki zuen. Arrakasta horren ondorioz Alpitxuko begiraleek eta Aretako gazte batzuk helduentzako dantza talde bat sortzeko beharra eta nahia sentitu zuten non Alpitxuko gazteei ere dantzan jarraitzeko aukera ematen zitzaien.

1984.urtean baliabide urriekin baina ilusioz beterik Untzueta Euskal Dantza Taldeak bere lehen urratsak eman zituen, dantzak ikasteko, eta Euskal Herriko folklorea zabaldu eta kaleratzeko elkartzen den lagun talde bat.

Hasiera gogorra izan zen baina aurrera egin genuen herri eta auzoetan ekitaldi ezberdinak plazaratuz, baina 1986. urtean lehenengo parte hartzea izan genuen Gernikan ospatutako Dantzari Egunean, helburu garrantzitsu bat sortu berri zen talde batentzat. Indarberritu ginen eta dantzari beteranoekin eta gertu genituen dantza talde ezberdinekin lanean hasi ginen hazteko eta herriratzeko aukera izateko, horrela gure lehenengo sanroketan parte hartu genuen.

untzueta@gmail.com