“Jeiki Dantza Taldea” Arabako lautadako bihotzean sortutako dantza elkartea da, Agurain herrian bertan, hain zuzen ere. Elkartea 1990.urtean sortu zen, baina esan beharra dago 30.hamarkadan hasi zela herrian dantzatzeko ohitura. Eta hasieratik honako hau izan da gure lema: “Dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko”.
Gaur egun, 170 dantzarik osatzen dugu Jeiki, 10 taldeetan banatuta: irri dantza, txikiak, ertainak, gazteak eta helduak; 5 urtetik 65 urtera bitartean.
Helburu garrantzitsuenak, alde batetik, Euskal Dantzak erakustea, eta bestetik, honekin batera eskutik helduta datorren euskal kultura ezagutzea eta sustatzea dira. Eta noski, horren barruan euskara ere bultzatzea. Herriko jaietan, San Juanetan eta Olentzero egunetan ez ezik, herrian egiten diren bestelako ospakizunetan ere parte hartzen dugu. Gainera, beste herri batzuetara joan, bertako dantzari egunean parte hartu eta ohitura desberdinak ezagutzea gustatzen zaigu. Haiekin elkartrukeak egiten ditugu, kanpoko taldeak Agurainera dantza egitera etor daitezen. Horretaz gain, Udalak antolatutako ekintzetan aktiboki parte hartzen saiatzen gara, euskal dantza leku guztietara eramanez.
2011.urtetik aurrera Aguraingo txistulari taldea berreskuratu genuen eta geroztik, ekitaldi guztiak haiekin egiten ditugu.
2012.an hasi ginen euskal dantza tradizionaletik aparte, egungo musika modernoarekin dantza montajeak egiten. Ekitaldi hau Aguraingo Harresi aretoan egiten dugu, urtean behin- Honetan, dantza tradizionala eta modernoa elkartuz, tradizioa aurrera eraman eta sormenari bide bat irekitzen diogu. Izan ere, dantza tradizionalarekin iragana kontatzen dugu, eta modernoarekin, berriz, oraina.
Beraz, hemen Euskal tradizioa aurrera eraman nahian eta gogor lan eginez, sormena dugu bidelagun. 2008.urtean, adibidez, San Juan Degollao (Agurainen oso ezaguna den abuztuko jai eguna) egunean Akelarrea egiten hasi ginen, eta hortik aurrera jai horretarako dantza berriak asmatu eta beste talde batzuekin kolaborazioak egiten hasi ginen. Urte horretatik aurrera, urtero akelarre txiki bat ospatzen hasi ginen abuztuaren 29an, herriko plazan. 2012.urtetik aurrera antzerkia eta dantzen bitartez istorio bat kontatzen hasi ginen, eta 2013an, esaterako, Altsasuko Momotxorroen bisita izan genuen. 2014.urtean “Amamaren istorioak” izenburupean, emakumeek antzinean zuten garrantzia aldarrikatu nahi izan genuen, iragana eta oraina elkartu, aintzina oraindik bizirik dagoela adieraziz.
2016.an, “Korrontzi Dantzan” proiektuan parte hartu genuen. Lehenengo kontzertu hura Agurainen egin genuen, arrakastatsua eta publikoa oso entregatuta. Egun hartatik aurrera, Korrontzi taldearekin kontzertu askotan parte hartu dugu Euskal Herriko herri eta hiri ezberdinetan. Hala nola, Gasteiz, Bilbo, Donosti, Azpeitia, Zugarramurdi, Zumaia, Areatza, Igorre, Barakaldo, etab. Gaur egun ere, elkarrekin kontzertuak ematen jarraitzen dugu.
2017.urtean Gasteizko D’Albeniz ilusionistarekin batera hasi ginen kolaboratzen. Urte horretan “Ilusioaren doinua” ikuskizuna aurkeztu genuen, magia eta dantza diziplinak elkartuz. Arrakasta handia izan zuen herrian eta hortik aurrera ikuskizun gehiago egin genituen nortasun honekin: 2017 “Gaueko itunak”, 2019 “Jokoa”…
2019.urtean ere “Ilusioaren doinua 2” bigarren partea kaleratu genuen eta honek ere, herrian oso harrera ona izan du.
Beraz, guzti honekin, esan daiteke Agurainen DANTZA zutik eta bizirik mantentzen dela, eta lan handiz herritarrak dantzan jartzen ditugula. Besterik gabe, elkarrekin dantzan jarrai dezagun!
NEREA
679155271